XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edifizio handi samarra du Boiseko Basque Centerek, orain dela berrogei bat urte eraikia, kanpo aldetik euskal itxura eta arkitektura herrikoia jarraituz.

Bi solairu eta sotoa dauzka, antzoki moldeko areto handi batekin, taberna, sozietate edo txoko moduko bat, bulegoak, areto gehiago abesbatzaren eta dantza-taldeen entsaioetarako, eta abar.

Barrara hurbildu eta solas egiten dugu Ted Totoricarekin.

Bera da, Jim Anderson eta Patty Gabicarekin batera, Boiseko Bihotzetik Euskal Abesbatzako gidari.

Solasaldian, barraren bestaldean edariak zerbitzatzen dabilen Julian Letek ere hartzen du parte.

Boisen euskaldun jaio eta hazitako Lete idahotar honek hogeita hamabi urte dauzka.

Ederto mintzatzen du euskara eta, Flora Aldazabalekin batera, Euskal Etxeko kantinako ardura darama.

Nati Antxustegi ondarrutarrak ere luzatzen die lantzean behin eskua taberna kontutan laguntzeko.

Gure atzean, barratik apur bat urrutixeago, musean ari dira Jimmy Jausoro eta Juan Zulaika panderojolea.

Albo batean dagoen lokaleko atea zabaltzen da, ordea, eta John Bieter hogeita hamabi urteko historialari gaztea antzematen dugu.

Tenore-tenorean etorri da zitara.

Barrakoak agurtu eta goiko solairura abiatzen gara, solaserako zarata gutxiago izango dugulakoan.

IDAHOKO EUSKAL HISTORIAREN BILA

Historialaria da John Bieter eta burutua du ikerlana, Mark bere anaiarekin, Idahoko euskaldunen historiari buruz.

Zuzenean gaiari ekin, eta euskaldunak nola bilduak diren Idahora galdetzen diogu John-i, noiz hasten diren euskaldunak Idahoko historian sartzen.